XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Chad-etik jendea ihesi
PARIS (Efe).- Afrikaren bihotzean, gerra bizian ari dira aspaldidanik.

Buruzagien gerra eman zaio izena.

Chad-en ari da gertatzen historia triste hori.

Nigeriako buruek eta bestek ahaleginak egin dituzte bazterrak baketzeko, baina, dena alferrik.

Hiriburuak, Yamena du izena.

Hortxe ematen dira gudurik gogorrenak.

Kalean zirti zarta balak eta kainoiazoak.

Gerra hori konprenitzea ere ez da oso gauza erraza.

Ikus dezagun.

Apirileko 13a izeneko Kanpoan dira guduak batipat.

Iparraldeko indar harmatuak eta Gukuni Ueddei, Gobernuko presidenteari zintzo zaizkion soldaduen artean dira burrukarik gogorrenak.

Baina hor inguruan ari dira Hissen Habre, Defentsa ministroaren soldaduak ere Wadel Kamugue teniente koronelaren tropen kontra sutafu.

Saltsa hori oraino inongo baratzatan sortu.

Guztiori konprenigaitz egiten bazaigu, are eta gehiago beste berri hau Tripoliko irratiak zabaldu duelarik.

Horren arabera, Ahmed Acyl, Chad-eko Kanpo Arazoetako ministroaren aldeko soldaduak ere burrukan sartu omen dira bizi-bizian.

Libiako politikaren aldekoa dugu ministroa.

Beraz, ministro bakoitzak badu hor bere tropa.

Handik heldu den jendeak dioenez, burrukak oso gogorrak dira.

Kalean balak alderik alde, pertsonak hilik, txoriak uxaturik eta etxeparetak purruskaturik.

Jendea erruz hiltzen ari.

Bienbitartean hiriburuan ez ur ez argi.

Aireportua itxirik.

Jendeak ihesari eman dio.

Han bizitzea baino hobe kanpo-herrira jotzea.

Asko eta asko, ia hogeita hamar mila pertsona, Camerumen sartu dira.

Atzerritarrak, beren jaioterrira, etxeko lapikotik babak irestera.

Joan den ostegunean, 150 frantses geratzen ziren hiriburuan.

Horiek ere, ordea, abioia noiz hartuko zai, handik hanka egiteko.

Sua biztu ondoren, itzali egin nahi.

Horretan dira hango eta hemengo jaun ministroak.

Frantziako eta Egiptoko ministroak bildu dira, Mussa Ibrahim, islamiarren buruzagia, Arabia Saudiko ministroa, frantses militarrak eta honelako jaun bizardo asko.

Bakearen bila bazter hartan, alabaina, oraingoz, ez dute fitsik lortu.

Oraintxe arestian aditzera eman denez, Nigeriako Kanpo Arazoetako ministroa, hiriburura iristear da.

Anaien arteko bakea egin nahi omen du.

Zoritxarrez, kostatuko zaio, hor, sua, kalean baino gehiago bihotzetan baitago bizturik.

Hori izaten da zailena itzaltzen.

Chad-eko gerra esplikatzen zaila da.

Lehen garai batez, ipartarren eta hegoakoen artean izaten ziren guduak, hau da, kristau-musulman eta animisten artean.

Orain... Kamugueren hegoaldekoak, Guakuni eta Acyl iparrekoekin batera beste iparretar batzuren kontra burruka bizian.

Habre-ren jokabideak berak, gauzak nahastu baizik ez ditu egin.

Ez da oraingoa erlijio gerra esango genukeena.

Boterea nahi du jendeak, eta boterearen atzetik ari dira bata bestearen kontra.

Yamena hiriburuan gertatzen ari ikusi ondotik, Gurutze Gorriak dei larria egin die gertakari deitoragarri horretan parte hartu duten guztiei, harmei utzi eta aitzurrari hel diezaiotela esanez.